Otxandioko kontuak

1980ko irailean idatzitako artikulu honetan Bittoren otxandioarren ezizenak, euskerak izan zuen bultzada Gerediagari esker, euskeraren muga herria dela…

Herri entzutetsua izan da beti Otxandio alboerrietako adarjotzailentzat, “untzegin herria” “kazkarin herria” edo “piku herria” izan bada kondairan zehar eta gaur ere, bertakoentzat alderantziz, munduko herririk onena da; batez era kanpoan bizi diren otxandioarrentzat. Horko perretxikoak eta eskailuak bezelakorik ez ei dago eta Bulkano iturriko ura bezelakorik gutxiago. Eta herritar arrotasun sena ikutuz gero, laster erantzungo dizu zaharren batek, Bizkaiko kanpandorrerik garaiena ere hortxe dagoela.

Guretzat gaur Otxandiok duen bereiztasunik aipagarriena, herri euskalduna izaten jarraitzen duela da; eta dirudienez, euskaldun izaten jarraituko duela aurrerantzean ere. Gure hizkuntzaren muga egoaldetik berton dugu. Mintzaira mota, arabakoa du, fonetikaz eta azentuz batez ere, zuberoera gogora ekartzen duena; arlo guztietan, arabar iparraldekoekin eskualde bat osatzen du: Legutio (Billerle) eta bere herrizkak, Zigoitiako herriak izan dira eskualde horren osagarriak; baina hauetan euskara ia zeharo galdua dugu; Zigoitian bertako euskaldunik (zenbait arratiar badira) bi edo hiru bakarrik geratzen dira, larogei urtetan gorakoak; Legution badira gehiago eta gazteagoak ere, baina oso gutxi. Ubide (Bizkaian) eta Oleta ere eskualde beronetakoak ditugu bete-betean. Ubiden ere galduxea egoan euskara baina, badirudi berpizten doala, gazteria jator bati esker. Oleta kasu ezberdina dugu; Aramaio udalbarrutia beste zortzi herrikin batera osatzen duelarik, benetan arabarra berau bakarrik dugu guztietan; besteek Lenitz eskualdeko herritzat jo daitezke hizkuntzaz, izakeraz eta joeraz. Baina probintziakeriak gure artean gauza bitxiak sortzen dituelarik, Gasteizko abertzale jendeak Aramaio hartu izan du beti Arabako euskal eskualdetzat, Legutio inguruaz ahazturik; baina aramaiorrek ez dituzte joten beren buruak, gehien batetan behintzat, arabartzat; oletarrek bizkaitartzat daude, Otxandio Bizkaian dagoanez, eta beste herrietakoek gipuzkortzat, Arrasaten eraginez.

Otxandion ozenki hitz egiten da, Bermeoko antzera, eta hala dute fama ere bi herriok. Bermeoko bagenekian zergatik zen: portutik untzietara altutik hitz egin beharrez hartutako ohitura. Otxandiokoa tabernetako hizketaldietatik zetorrela uste genuen (tabernetan beti ozenkiago hitz egin ohi da, baina norbaitek, benetako zergatikoa azaldu digu: aintzinako errementarietan malluka hotsen artean hitz egiten zutenetik datorrena. Hemen guztiak burdina dario: kondairak, hizkuntzak eta Bulkano iturriko urak ere.

Orain dela hogei bat urte inguru, euskara kinka larrian egoan herri honetan; etorkinak, eskola eta orduko giroaren eraginez, hizkuntza muga Urkiolara aldatzen zioala zirudien; emakumeek erderaz egiten zuten kalean eta umeak eurrez erdalduntzen ziren. Kinkaldi haretan, “Gerediaga” elkartearen inguru bilduriko talde batek gogor ekin zion euskeraren alde eta zerbait lortu dutela dirudi. Orain kaleetan barra-barra entzuten da nahiz eta, gazte askok ez dakiten edo ez duten mintzatzen herriko hizkera. Eta herriko eskoletan ari diren hamaika irakasleetatik zortzi behintzat euskaldunak dira, euskara gogotik lantzen ari direnak. Hau asko da honako herri batetan eta gehiago litzake guraso sabarrik ez balitz.

Kultura ekintzetan antzu samar dagoela dirudi gaur Otxandiok; hirurogetamar abots inguru dituen kantari talde bat da guk aurkitu dugun ekintza bakarra; harrigarri iruditzen zaigu beru honako herritxo batetarako, baina, zuzendariaren zaletasun eta ekintzailetasunaren ondorena dela esaten digute; eskolako irakasle den bertoko seme bat.dugu.

Kontutan izatekoa da Otxandio musika eta kantu herria dela aintzinatik; “Ator mutil etxera”, gaurko euskaldunen Eguberri-kantua, herri honetakoxea dugu, eta berdin “Txeru” eta beste zenbait kantu zahar ere, Badituzte besta inon entzuten ez dire zenbait gabon-kantu ere.

Herri honetan izan den gizakirik ospetsuena, Felipe Arrese Beitia dugu, “Santugiñe” izengoitiz ezagutua. 1841. urtean jaio zen eta 1906.ean hil zen berton. Irudigilea (santugiñe) izan zen bizibidez eta bere garaietako olerkaririk famatuena. Ogetaka sariak irabazi izan zituen, Elizondon, Maulen, Durangon, Donostian, Gernikan, e.a. Abertzalea sabino Arana baino lebenagotik beharbada, foruen aldeko sutsua izan zen; Biblia kutsu nabarmena ageri zaio eta bere inguru guztia erabili izan zuen bere olerkietan; baina bere sorterriari ez zion eskaini lerro bat ere. Pentsarazgarria otxandioarrentzat, dirudienez ez zen izan profeta bere herrian.

Juan Ajuriagerra, oraintsu hila dugun politika gizon eta abertzale entzutetsua ere, nahiz eta Deustun jaioa izan, herri honetakotzat jo daiteke; horretakotzat agertzen zuen berak bere burua, eta gurasoak hemengoak zituen; berak erabilten zuen euskara ere Otxandiokoa zen guztiz.

Eta kultura arlo honetan aipagarria dugu, baita ere, Enrike Orueta egina izan bide dan, “Los herreros de Ochandiano” antzerkia.

Mende honen lehen urtetan Bilboko “Arriaga”n eta Donostian behintzat antzeztua izan zen. Gaur ez da inon ageri lan horren alerik eta inork baldin balu, otxandioar talde batek eskertuko luke EGINen bidez igorriko balio. Hemen inork ez daki zein zen lan horren haria, eta norbaitzuk ezagutzen duten bakarra, hor kantatzen zuten “estribillo” bat da “Dorregarai, Dorregarai, ekarriko du Juan Migelek bere kotxera bai”. Herri honetan kantatzen zuten zerbait izan bide da; Dorregarai hori karlisten soldaburu nagusia zen eta Juan Migel bertako albaitera eta posta-etxearen (“kotxera”) ugezaba. Etxe hori, Urigoiena kalean gaur 33-35 zenbakiak dituena da.

Gauza askotan herri berezia dugu 0txandio, eta ikastola arazoan ere bai; hemengoa ez da sortu herriaren bultzada batez, bestelaki baino: lehen aldian, bi edo hiru lagunek eraginik sortu zen eta gurasoentzat doharirik zen; arrakasta ona izan zuen eta umeengan eragin nabarmena baina giro beltz haretan zerbaitekin oztopo egin izan zuten eta itxi egin behar. Urte batzu geroago berriz zabaldu eta indartua izan zen, gaur umeen gurasoak arduradun direlarik; baina diru kontuan, Euskal Herriko beste ikastolak baino zama arinagoa du hemengoak gurasoentzat.
Herriko eskoletan ere, beharbada Euskal Herri guztian lehenengoa izan zen euskara ikasgaitzat sartzen.

Post hau Otxandio, Sailkatzeke atalean eta , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina