Otxandio aldeko folklorea

Lejendak eta ipuinak, ohiturak, kantuak, jaiak…

Otxandio herri oso bereizia da, eta dirudienez, horrela izan da aspaldi luze batetan.

Erdi Aroan, gaztelu-herri antzeko zerbait izan bide zen, Nafarroa erreinuaren babeskuntzarako muga-herri edo. Geroago industria bizkor baten sortzaile eta sustatzaile. XIX. mende azkenetan eta XX.eko hasieran, lur-jota geraturiko herri bat industria arras hondaturik, mendi-larrak landu, esnea saldu eta industria hondarretatik bizi zen. Beraz, inguruetako he­rrietatik oso bereizia.

Bestalde, euskaldunen erligio zaharrari luzaroen eutsi izan zion eskualdean kokaturik dago. Eta Araba euskalduna izan zenaren lekuko ere badugu, bertan arabar euskera egiten delako eta historiaz Durango eskualdeari lotua bada ere, geografiaz, mintzairaz eta izakeraz arabarra delako.

Zehaztasun hauek jakinik, obeto ulertu daitezke agian, bertako izateari buruz argia ematen duten aztarna bakanak.

••••••••••••••

Lejendak eta ipuinak:

Arlo honetan, erabateko ebakidura bat izan da, 1936.eko gerrak eragin zuen suntsiduraren ondorioz batez ere, eta gaur ez da geratzen ezertxo ere, baina umetan entzundakoak gogora­ tzen ditut:

Anboto eta bertako “Seinora”ri buruz bazen zerbait, baina ez bealdeko herrietan beste; hemen, Arangio eta hor agertzen zen Urdingrazia ziren gairik erabilienak. Urdingrazia hori, jainkosa bat edo izaten zen behin, azeri bat urrengoan, lamia bat eta horrela, bakoitzak ematen zion izaeraz. Honetan, izena dugu baliotsuena, amaierako “grazia” hori, ipuinetan erabili ohi zen “orrazia” hitzarekin rima egiteko gehitua dela pentsatu daitekelarik.

Beraz “Urdin” izena geratuko litzaiguke bide horretatik.· Eta bealdeko herrietan Anbotoko atsoari “Mari Urrike” izena eman izan zaiola kontutan izaten badugu, “Urdin” eta “Urrike” alkarrekin lotu beharra dugu. Izan ere, “Mari” hori, kristau usainduna dela esan daiteke, beraz gehigarri bat; baina “Mai” izen mitolojiko zaharra bera ere izan daiteke. Edozela ere, “Mari Urrike” izena Urraka printzesarenaz lotze hori, beste horrelako zenbait “bitxikeria” bezelakoa iruditzen zait.

Urte lezeetan sutan izan zen mendiarena ere badugu. Hau, ipuin antzera barik, tradizio gisa kontatua izan da: inguruetako mendi bat, luzaroan sutan egon omen zen; batzuk esaten zutenez, hogetamar urtetan, eta beste batzuen jakitez, ehun urtetan edo hirurehun urtetan. Honek, aintzinako erligioaz du zerikusi, eta berorri buruzko frogak badirela dirudi; IX. mendean arabiar idazle batek idatzi izan zuen gai horri buruz eta zenbait arakatze lan eginak izaten direnean jakingo da zer dagoen arazo horren barruan.

Sorgin kontuetan ikaragarrizko aberastasuna izana dela dirudi, baina guztia arras galdu da. Zenbait azterren geratzen zaigu lekuko:

– Zaharrek esaten dutenez, aintzina sorgin-kontuak eta ipuinak izaten zirela aho guztietan.

– “Sorgin-dantza” bat dantzatzen zutela herrian. Euskal dantzarien. erakundeetakoek eta herriko gazteek ere ibili izan dira arestian dantza honen aztarnak bilatzen, baina ezer gutxi geratzen dela dirudi.

– Herritik Arangiora bidean dagoen “Amezola” lekuan sorginen batzarrak eta erromeriak izaten zirelako tradizioa.

– Herrian bertan, eta plaza nagusitik Amezolarantz doan bideak “Sorgin-estrada” izena duela

– “Sorgin-txistua” delakoaren tradizioa; norbaitek idatzi omen zuen horretaz zerbait, eta arestian agertu izan dira horretaz galdezka, folklore zale batzu; txistu jogailu bila zetortzen, baina beharbada, “sorgintxistua” hitzaren esanahia besterik ere izan zitekean, doinua bereizi bati buruzkoa esaterako.

Ohiturak:

“Gabon-anporra” delakoarena dugu bat; norbaitzuk egiten omen dute, edo urte gutxi dela (hamar bat edo) egin izan dutela. Zahar guztiak dute gogoan eta neronek ere ezagutu izan dut, aski ahuldua bada ere.

Honela da: Eguberri arratsaldez bi anpor (zuhaitz enbor) ezarten zituzten zuetean, sutarako lekuan eta iziotu (piztu) egiten zituzten, gertakizun haundietako zeregin gisan.Hortxe egiten zuten gabon afaria eta gero, suaren inguruan familia osoa bildurik, josta, kantuak eta kontuak.

Anpor bata, aurreko urtean gordea izaten zen, eta bestea berria. Zahar hori (beti txikiagoa izaten zen)guztiz erre arteino irauten zuen “gabon-suak”; eta bestea, erdi·errerik zela sutatik atara, urez amatau (itzali)eta etxeko txoko batetan gordetzen zuten urren urtean berdin egiteko.

Urteko edozein garaitan ekaiz ikaragarriren bat sortzen bazen, “gabon-anporra” sutan ezarten zuten eta txingarrak egiten zitzaizkionean, zati bat kendu eta etxeko atetik kanpora bota ekaitza baretu zedin. Eta gero berriz txokoan gorde.

Baserrietan, zezena izaten zuten etxeetan batez ere, “gabon­ anporra” sutatik kentzen zutenean, kortako atean lurrean ezar-ten zuten eta abelgorriek bere ganetik pasaerazi; urte guztian gaitzik hartu barik eta osasuntsu izan zitezen omen zen hori.

“San Juan suak” eta:

San Juan egun besperan, iluntzen hasten denean, herriko kalegurutze edo auzo guztietan gerturik izaten da, sasiki iga-rrez eta egurrez egindako txondorra; bi edo hiru aste aurrera-gotik, auzoko mutikoek eta zenbait neskatok ere, egurkiak karreitzen lan egiten dute, egun horretako arratsaldean txondorra egiteko. Ilunkeran, txistulariek agertzen dira Udaletxe aurrean eta aguazilak plaza erdian sute txiki bat iziotzen duenean, soinu joten hasten dira; gazteek dantzan egiten dute eta umeek suaren argitan josta; sutea gutxituz doanean, txistulariak aurrean eta jendea atzean, kalejiran joaten dira urren izango den sute lekura; hemen, sua goraka izaten da kalejirakoak heltzen direneko, baina erregaia bustirik izaten denean, larridurak ere izaten dituzte izioketan.

Hortik beste kalegurutze batera eta gero besteetara, herri osoari jira egin arte.Amaia plaza nagusian izaten da, beste sutetxo bat eginez. Guzti hau, herri kaskoan egiten da, kale artean bakarrik; baserrietan, bakoitzak berea egiten zuen lehen, baina orain ia galdua dute ohitura. Herri barruan indartsu dago ohitura, nahiz eta plazako sua, aspaldian erdi utzia izaten den.

Erromeria amaitzen denean, auzo bakoitzeko umeek beren suaren ardura izaten du; txingarren gainetik saltaka egin, ea nork gehiago eta azkenean txingarrak pilatu edo kendu autoak eta pasatzeko lekua baldin bada. Honetan, eta bestetan ere maiz, nagusiek laguntzen diete.

Lehenago, txingar zati bat bere etxera eroaten zuen zenbaitek, gabonetakoa bezela sakratua omen zelako. Eta errautsa auzotarren artean banandu, baratzetan zabaltzeko.

Gero, baratzetan letxugak hartzen dituzte eta nonbaiten bilduz (tabernetan gehienetan)horiek jatea, gazteen artean. Umeak ia lotan izaten dira.

Eta azkenean, mutil talde bat bildurik, begia jota izaten duten zuhaitz lerden bat ebagi, herrira ekarri eta plaza erdian zutinik ezarten dute. Aintzina, zaharrek esaten zutenez, horretarako erabili behar ziren zuhaitz motak, areitza eta leizarra bakarrik izaten ziren, besteak ez zutelako balio. Baina aldikada batetan edozein motatakoak ezarten zituzten; orain ordea, areitza edo leizarra izaten dira.

San Juan egun goizean, oso goiz, gizonak solo bazterretara joan, leizar adarrak ebagi eta etxeko ateetan edo leihoetan ezarten dituzte. Neskak edo emakumeak, lore txorta bat bilatu, elizara eroan eta bedeinkatu, eta gero, etxeko atean edo leihoan izaten den leizar adarraren ondoan eskegi; “san juan sorba” izena izaten du. Bi ohitura hauek galduz doaz azken urte hauetan.

San Pedro egun bezperan, berriz egin izaten da suen kalejira, baina suteak txikiagoak izaten dira; eta ate-leihoetako leizar adarrak eta lore sorbak erretzeko izaten dituzte.

Orain arte aipatu ditugun ohiturok, betidanikoak ditugu, noiztikoak diren herrian ez dakigularik. Baina bada beste bat oraintsuago hasitakoa: Olentzaroa.

Duela hamabi urte inguru eman izan zitzaion hasiera jai honi; eta arrakasta ikaragarria izaten du.

Ohitura bertaratu aurretik, ondo ikertu izan zuten gaia honetaz arduratu izan zirenek. Ipuinak, lejendak eta gabon giroa ondo aztertu ondoren ekin zioten arazoari. Eta geroztik, beste zenbait herritara ere zabaldu izan da, hemengo irudi berdina.

Honela egiten dute; eskoletako zenbait irakasle eta ikas­ leren artean, gizaburu haundi bat egiten dute, urietako “erraldoiek” izaten dituzten bezelakoa. Denbora berean (Eguberria baino hilabete bat aurrerago hasita) gorputza egiten dute mutil nagusiek; gizaundi bat, zara haundi baten ganean jarririk, eta angaila baten ganean ezarria; eskuineko eskuan ardagai (esku-zuzi}bat ezarten diote eta ezkerreko besapean iñarra sorta bat.

Eguberri egunean, arrats hasieran, Olentzaroren arda­ gaiari su eman, mutil gazteek angaila sonburuetan hartu eta herri guztiari kalejira. Aurrenen txistulari talde bat, gero dantzari talde bat, atzean Olentzaro eta bere inguruan zenbait gazte argi-zuzi piztuak eskuetan dituztelarik. Gero, herriko abesbatza, gabon-kantak abestuz, eta atzetik herriko jendea. Oso ikusgarria izaten da. Plaza nagusian, Olentzaro garretan errez amaitzen da jaia, guztiak etxera afaltzera joateko.

Kantuak:

Oso aberatsa izan da Otxandio musika eta abesti arloan; musikalari asko sortu ziren bertan XIX. mendean, baina gehienak praileak eta izan dira. Kantuak, “gabon-kantak” batez ere, erruz sortu izan dira Otxandion; hor dugu, Euskal Herri guztian hedatua den “Ator mutil” lekuko. Hainbat galdu ere egingo ziren, baina Guridik hartu zituen batzu. (“Ator mutil”, “Txeru” etb.) eta Emilio Donado, herriko seme eta bertan irakasle denak ere hartu ditu beste batzu. Beronek sortu du eta gidatzen du herriko abesbatza, hirurogei inguru abots dituena.

Gaur, Karmelo A. Bernaola dugu musikari famatua otxandion jaioa

Gehiago:

Ez dago bertsozaletasunik herrian. Lehenago zerbait bai omen zen, baina gaur ezertxo ere ez; jaietan eta inoiz ekarten dituztenean, arrakasta gutxi izaten dute. Honetan Arabako herrien mailan dago.

Felipe Arrese olerkaria dugu bertan sortua eta bizia. Hemen, “Felipe santugiñe” izenez ezagutzen zuten; irudigi­ lea izan zen bizibidez. Sari asko irabazi izan zuen olerki lehiaketetan, joan mendearen azkenetan. Berak egindako olerkirik gogoangarrienak:”Arbola bat Paradisuan”, “Ama euskerari azken agurrak”… Abertzaletasuna dario bere ekintza guztiari eta honetan aintzindari bat izan zela esan daiteke.

••••••••••••

“Basa-bisita.” eguna ere izaten da.:Urriko igande batetan, alkate jauna, udal-gizonek, aguazilak eta. herritar talde batek lagundurik, tanbor hotsez ateratzen dira oso goiz. Plaza nagusitik eta udal-barrutiko mugarri guztiei ikuska egiten die. Ardaua eta janaria eroaten dituzte astoz eta eguerdian itzultzen dira berriz.

••••••••••••••

“Santageda” besperako kantaketa ere ez da galdu izan inoiz, eta arrakasta haundiz egin ohi da.

•••••••••••••

Egitzakotzat esaten da, Colon Ameriketara joan zenean, eroan zituen itasuntziak, Otxandion egindako untzez (iltzez) josiak zirela. Eta “El Escorial”eko burdineriak ere berton eginak direla

…………..

Herriko jaiak Uztailaren 18an izaten dira, “Santamaña”. Lehenago, kale batzutan ere izaten zuten santu egun bat eta erromeria, baina ia galdua da. ohitura hau.

Len arrakasta haundia izaten zuten erromeriak izaten ziren: Arangioko Santikurutz; Dorleta (Gatzagako) Andramari; Urkiolako “Urriko” etb.

——————-

1983.eko Opeilean.

Post hau Artikuluak-Otxandio atalean eta , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina