Arrautza lokak

Antzezlan labur honetan Bittorrek “urrutiko intxaurrak hamalau bertaratu eta lau” esaerak dinoskuna irudikatu gura izan dau

Ezkaratz  batean.- Bost agerlari: Pantxike, emakume mihin zoli bat ta zirti-zarta. Martin, senarra, xepel samarra. Ales, semea, sasoiko mutilla. Asuntxo, alaba, gaztea ta Kontzesi, “zeruko atsoa”.

.o.o.o.o.o.o.O.o.o.o.o.o.o.

P.-  (afaria gertatzen) Jainko maitea! Zortzirak  iya. Ipini daidan afaria gure jentea agertu baiño      leen. Ekarriko dauren goseaz…

Al.- Gabon.

P. – Baita zuri be. Zer dozu barririk seme?

Al.- Zer dodan? Betikoa: gosea galanta.

P.-  Urte askotan izan  daizula. Ta asetzeko, zer jan eduki daigula.

Al.- Zer dago afaltzeko?

P. – Porru-patatak eta txitxarroa.

Al.-  Bbb! Betikoa. Arrain ustelok…Itsasoa agortuko balitz bein!…

P. – Eeee…! Zer…seme? Zer eskatzen deutsu ba sabel orrek? Oilazko izterra ta bixigu errea? Ba…   badakizu. Ezkondu zaitez Tximotxenako alaba politaz eta antxe jango duzu ondo. Antxe, antxe dagoz milloiak.

M.- Gabon (besteak erantzun) Asuntxo ez da etorri ondiño ala?

P.- Ez laster etorriko da. Zer dakarzu or Martin?

M.-Aa! Ametzolako Edurne aurkitu dot bidean eta auxe emon dost zuretzako. Oilo-lokari   ezartzeko arrautzak ei dire… Olan berak etorri beharrik ez daukala eta urrengoan ordainduko dautzazula esan dost.

P.- Ia, ia, zelakoak diren… Oi! Ze ederrak!, gorri-gorriak. Bi, lau, sei, zortzi, amar, amabi… amazortzi. Ze ederto.

M.-Orain oilloari ezarri in beharko dautzazuz…

P.- Ez gaur ez. Ez orixe! Gaur barikua da ta, barikuz ez da oillorik ezartzen. Ez leuke bat bera bez aterako.

Al.-Tire ama. Orain ez dago barikurik, zorgiñik eta olangorik.

P.- Eee! Zer diñok? Gaur ez dagoana badakik zer dan? Lotsa, orixe, lotsarik eztaukazue gaurko gazteok. Zuentzako ez dago barikurik ezta inpernurik ere. Bai, baiña egon ortan.

M.-Ago ixilik mutil…

P.- Barikurik eztogola! Begiratu eizue egutegi ortan, ia eztagoan. Jasoten dana, eztala aintzat artzen. Eta batzuk barikuz ezkondu be in iten dirala. Orregaitik izaten dire gero bazterretan ainbeste kalamatrika.

Al.- Bueno. Naiko da gaurko. Afalduko dugu ala?

P.-  Ez. Asuntxo etorri arte ez. Arrautza ederrok atarteko kutxa ganera eroan behar dodaz apurtu baiño leen. (urten) (eta barriro sartuz)

P.- Pentsatzen nago…Hamazortzi arrautzetatik… iru loka… hamabost edo aterako dauz.

Al.- Ama! Badakizu zeintzuk izango diren lokak?

P.- Jakin… Zertarako jakin nai dok ba?

Al.- Ba…oraintxe afaltzen jateko, lokatu baiño leen.

P.- A sabelandi! Jatea baiño besterik ez dok pentsatzen (arnasa artuz). Hamabost txittetatik… amaika oillanda ta… lau oillazko. Bat jaietarako… beste bat gabonetako… ta bi Asuntxoren eskolamaixuari emoteko.

Al.- (Buruari erain)

P.- Martiñ, orain, arrautzekin  zenbat diru artuko dogun pentsatu behar dogu. Hamaika ollok, egunean zortzi arrautza batez beste. Eguneko zortzi, astean lau dozena t´erdi… illean…hogei dozena. Ta… zegan salduko doguz?

M.- Ba… ogetamar bat peseta…

P.- Eeee! Zer? Ogetamar pesetan…? Neure oillo ederren arrautzak ogetamar pesetan…? Ez orixe! Berrogeitik bera ez!

M.-Baiña andra! Zeuk esan zendun lengo egunean, eztagoala iñun lotsarik arrautzak ogetamar peseta jaso ebezelako. Ta orain zer diñozu?

P.- Egon zaite ixillik itzontzi ori! Gure oilloen arrautzak ez dire besteenak modukoak. Bertan   etxekalte. Neu ez banego emen…

M.-Etxean neu naz buru! Ta errespeto gehiago e Pantxike.

P.- Buru, buru, jjj! buru, ta burua anketan.

M.-Gero…! Ia berotzen naizen…

P.- Berotu…, eskuetan daukadan sartain onegaz berotzen ezpazaitut..

Al.-Tire ama, naiko da gaurko.

M.-Bai seme, obe dok bakea. Esan egik euk arrautzen zegangoa eta kittu.

P.- Bai, bai esaizu zeuk seme.

Al.-Ba… nik neuk, berrogetamar pesetatik beera eneukez salduko.

M.- Josusss!

P.- Baiña Ales, nor etorri gero erostera.

Al.-Ppp! Obe. Geuk jan eta kittu.

P.- Irekin ezin leikek. Beti bardin.aaaa bai! Asuntxok esango deusku zegan saldu. Oraintxe dator bera.

As.-Gabon. Gaur berandu nator. Izeko Irenek zeregin batzuk eragin deustaz da.

P.- Eta zer diño?

As.-Ezebereez. Gorantziak.

P.- Zu, Asuntxo, gauza bat: laster txitak eukiko doguz, eta gero oilloak. Eta badakizu, arrautza-saltzen asiko gara… eta guk emen ezin dogu elkar aitu zenbaten saldu edo… Ia zeuk zegan diñozun artantxe salduko doguz.

As.-Nik?… nik eztakit ezer… Zeuek zegan diñozue?

Al.- Ez, ori ez. Zuk zeuk iñorekin jakin barik esan behar dozu. Eta arexek balioko dau.

P.-  Bai. Bai. Zeuk, zeuk esan behar dozu. Ia esan, dozenia zegan?

As.-Ba… hamazortzi pesetan?

P.- Emen beste petrala! Zentzunbakoa, Emon egixan duan. Zuekin oindiño zoratu ingo naz ni.

As.-Zeuek esan deustazue esateko ta nik esan in dot.

P.- Eta erantzun oindiño? (plist-plast) Ia ikasi gero errespetua eukiten!

As.-(negarrez urten)

M.-Pantxike! Neskatoak eztauka errurik.

P.- Zeuk, zeuk daukazuz erru guztiak, petral orrek.

Al.-(berekautan) Au dok erlejiñoa, dirua, dirua ta dirua.

As.-(sartuz) Ama! “zeruko atsoa” dator. Bai zuzen-zuzen, onaxe dator.

P.- Alalako sorgiña ori bere, beti iñoeneko gauzetan sarten.

M.-Ixxx.

K.- Abe-Maria.

P.- Aurrera.

K.- Gabonnnn.(besteak erantzun) Emen natorkizue zeozertan lagundu aal badeutsuet edo… Neskatoaren garraxiak entzun dodaz eta nerekautan in dot: edo ontziren bat apurtu, edo dirua galdu edo olakorenbait in dau neskato orrek. Eta arazo ori neuk konpondu aal badot edo etor nayatzue. (txakur ausiak entzuten dire)

P.- Ze txakur edo ze pizti dabil or.

K.- Ez, ez, itxi egiozue bakean. Mari-Anton-en txakurra da. Ortxe ate-ondo egongo da neu urten arte. Nire lagunik onena berori da, beti neugaz. Bueno ori alde batera ta goazen leengora. Buru-austen bat dozue emen ezta?

M.-Guk? Guk? Ba … Ba… (alkarri begiratuz)

Al.-Oneik arrautza saltzen ibili dire  ta.. orixe izan da dana.

K.- Aaa! Ederto dago, bai, bai,

P.- Badakizu Kontxesi… etxean dana falta iten dau. Arrautzak saldu behar bai ta… badakizu, zerbait nahi. Baiña au gure gizon au, merke emotera. Ta neskato ziztrin orrek ostera, duan… Jjj!

K.- Ta mutillak zer diño ba?

P.- Aaa orrek! Orrek beti sabelaz pentsatzen dau. Oraintxe berton jango leukez danak.

K.- Bueeeeno, ta… zegan diñozue ba? Ia neuk laguntzen deutsuedan. Badakizue, nire iloba batek, Bilbon denda eder bat dauka ta…

P.- Ze biotz ona dauko berorrek Kontsesi.

K.- Ni beti nabil auzokoei laguntzen. Jainkoak orixe agintzen dost. Gaur be, iru etxetan bakeak indoaz. Badakizue: Etxe utza, borroka utza “ gosea ta otza, muztur zorrotza”. Bai, bada basterretan mixeria. Baiña goazen geurera; zegan diñoztazue?

P.- Ba… nik diñot… berrogei bat pezeta behar leukiela olako arrauta ederrak. Eta gure Martiñek zera, ogetamar! Orduan esan dogu ba, neskatoak esan daiela ta… orrek ostera, amazortzi pesetan! Iñuzenta ezpada gero!

K.- Ta orregaitik jo in dozue?

P.- Jo behar, bizitzen ikasiko badabe. Emen neu ez banengo, eztakit zer izango litzaken.

K.- Nik, neure eretxia esango deutsuet. Berrogei asko da. Baiña zeuek zareelako ta laguntzearren, ogetamalau bat ordainduko deutsuedaz. Zeuek baderetxiozue…

P.- Bai… orixe da ona izatea Kontsesi.

K.- Orduan, arrautzok oraintxe eruango doguz? Ala bihar neskatoagaz bialduko deustazuez?

P. ta M.- Arrautzak?… Arrautzak?

Al.- Ja, ja, ja!

K.- Zer jazoten da ba?

P.- Begira Kontsesi, arrautzak eduki, badaukaguz eta ondo ederrak gainera. Baiña oilloari ezartzeko dire, gero, txittak atera ta… oillandak oillo egiten direnean, saltzeko bere eukiko doguz. Eta orretantxe gabiltz ba…

K.- Bai, bai, bai. Oitura on da goiz jagitea, baiña gauerdian jagi ezkero…

P.- Oraintxe ekarriko dodaz arrautzok, zelango ederrak diren ikusteko.

P.- (urten) E! txarri ori! Ala ortik (ausiak) Ai!, ai! Makilla bat artzen bayoat! Illingo aut! (otsara eskuetan dabela sartuz) Olangorik orraitio! Txakur zikiñak arrautza guztiak jan. Bustenetik eldu deutsat eta aginka ezteust ba egin’ eta orain zer? Nik Ametzolakoei ordaindu in behar. Eta gure txittak non… eta gure oillandak non… eta gure oillo ederrak non… Atso sorgiña! Euk ekerri don txakur txarri ori. Alde iñein emendik edo txakur eta guzti karakatxetaraiño bialduko aut.

K.- Entzun, entzun. Baketu ta entzun: bihar bertan, neuk ekarriko deutsudaz beste arrautza batzuk. Munduan dan arrazarik onena eta iru dozena ganera. Oillobiri ezartzeko lain. Eta beste bat. Gorringo biko mutill onek afaltzen jateko.

Al. Eupa Kontsesi! (guztiak sokan: “Mari- Anton…”)

1971-XII

Post hau Sailkatzeke atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina